| Aurkezpena |
|
Dakizuenez, Gurutze Gorria – Ilargi Erdi Gorria Erakunde humanitario, neutral, independente eta unibertsala da. 1864an sortu zen, Genevako Hitzarmenean, eta hirutan jaso du Bakearen Nobel Saria.
170 herrialde baino gehiagotan jarduten duenez, tokian tokiko baldintza sozialetara eta premietara moldatzen du bere lana. Gipuzkoan 1870eko uztailaren 15etik gaude, ia 140 urtez. Gure gizarteaz batera egin dugu aurrera. Eta, hala, betiko zerbitzuak emateaz gain, hau da, sorospena eta larrialdietarako laguntza, kirol-ekintzetako prebentzio zerbitzuak, hondartzak, herriko festak eta abar, bestelakoak ere ematen ditugu orain. Gaur egun, krisia gailentzen ari dela-eta baztertuta geratzeko arriskuan daudenei laguntzen saiatzen ari gara, batez ere; ahalegin handiagoa egiten dugu egoera horretan daudenei kontu egiteko, prestakuntza eta sustapena emateko. Horixe da gure erronka nagusia, eta talde bikaina osatu dugu: beren denbora librearen zati bat eskaintzen duten boluntarioak dauzkagu; bazkideak, ekarpenak eginez baliabideak eskuratzen dizkigutenak eta, azkenik, erabiltzaileak, ekarpenez baliatzen direnak eta gure izanari zentzua ematen diotenak. Gainera, tekniko profesionalak ere kontratatzen ditugu inoiz edo behin, emaitzak hobeak izateko. Hitzarmenen, egitarauen eta dirulaguntzen bidez administrazioarekin ditugun harremanek egiten dute gainerako guztia. Talde horietan guztietan aurrean eta gizartearen aurrean, beharrezkoa da erabateko gardentasuna izatea gure kudeaketan, eta urtero ikuskatzen gaituzte. Gustura gaude egiten dugun lanarekin, nahikoa gustura, baina halere izugarrizko eremua daukagu oraindik lantzeko, mugarik ez da, beti sortzen direlako erronka eta gorabehera berriak, gero eta konponbide zailagoa dutenak. Oraintxe bertan, inmigrazioagatik eta gainean daukagun depresio ekonomikoa dela-eta, bertakooi ere eragiten diguna, lan handia daukagu, eta denon artean atera behar dugu aurrera. Eskura ditugun baliabideek uzten diguten heinean egingo dugu lan, administrazioaren laguntzaz eta beste GKEeekin elkarlanean. Lagundu iezaguzu, eta zu zeu ere erakunde humanitario honen parte izango zara. Behar zaitugu. Bazkideak eta boluntarioak ugaltzeak aparteko errefortzua ekarriko lioke talde honi. Enrique Samaniego Arrillaga |

Betiko lana bazterrean utzi gabe, bestelako lan batzuk ere hartu ditu bidean aurrera egin ahala, eta babesik gabeei eta baztertuei, gerretako biktimei, gosete eta jazarpenaren biktimei, presoei, drogen mendekoei eta abarri laguntzen ere jarduten da orain, inoren sufrimendua arindu nahian, inorekin lerrokatu gabe. Gizakien arteko harremanak bultzatu nahi ditu, elkar ulertuta, hitz eginda, elkarri errespetatuta eta solidaritatea landuta. Printzipio horietan komunikazio emozionalaren premia ere azpimarratzen da, harreman purua, zeinetan garrantzitsuena baiten hurkoa ulertzeko gai izatea.